Aste hau konplexua suertatzen ari da eguraldi txarra dela eta. Astelehenean El Ferial-eko pistetara igo ahal izan genuen eski jarduera egitera, baina, euri eta elur prezipitazioa ugaria zenez, goiza laburragoa egin behar izan genuen. Asteartean euria barra-barra, tarteka elurra mara-mara eta ipar haizea genituen lagun eta egoera hori ikusita eski jarduera bertan behera utzi genuen eta bi txandatan jarduera osagarriak egin genituen.Santa Teresa eta Liceo Monjardín Izaban geratu ziren eta hiru taldetan, haien eski-begiraleek lagunduta, hiru jardueratan parte hartzeko txandakatu ziren: patinekin lisaketa Izabako frontoian, "Vida entre las estrellas" egokitutako eskiaren inguruko dokumentala ikusi Izabako Zineman eta Izabako Oroitzapenaren Etxera bixita. Larraintzar, Jauntsarats, Garralda, Auzperri, Auritz, Erro, Zubiri, San Juan de la Cadena eta Remontival Burgira joan ziren eta haiek ere hiru jarduera egiteko txandakatu ziren: frogen jolas bat Burgiko Frontoian, Almadiaren museora bixita eta Erronkariko gazta nola egiten den ikasteko jarduera. Atzo, asteazkena, goiza ere konplexua suertatu zen. Ipar haize gogorrak eta egoera txarreko errepideak ez ziguten El Ferial-eko pistetara igotzen utzi. Bagomaltan eski jarduera egiteko nahikoa elur ez zegoenez, Zaraitzu Ibarreko lagunekin hitz egin ondoren, Abodira joatea erabaki genuen. Lehen txanda iritsi zen Abodira, baina uste baino zailtasun gehiagorekin eta bidaian aurreikusi baino denbora gehiago eman zutenez, bigarren txanda Urzainki eta Izabatik ez mugitzeko erabakia hartu behar izan genuen. Jarduera desberdinak egin genituen eta aurpegi txarra jarri zigun egun horri gu aurpegi ona jartzen saiatu ginen. Gaur egun ona aurreikusten da eta eguzkia ikusiko dugulakoan gaude, ... El Ferial-era igotzeko errepidea, elurjauzien arriskua dela eta, itxita dagoenez, Abodira joatea erabaki dugu eta Iratiko Basoa den ingurune zoragarri horretan eski-goiza polit bat igarotzea espero dugu.